Select Page

Angel Mari Unzuetari emongo jako hil osteko Carmelo Etxenagusia Ohorezko Aitamena

Atzo ospatu zan Kultur Erakundeen Mahaiaren ohiko batzarra, gotzain laguntzailea buru zala. Eleizbarrutiko kultura eta komunikazino arloko erakundeak batzen dituan eremu hau orain dala hamar urte inguru sortu zan joan dan azaroaren 14an hil zan arte partaide eraginkorra zan Angel Mari Unzueta bikario nagusi ohiaren bultzadaz. Batzarraren hasieran, On Joseba Segura gotzain laguntzaileak bere aldeko otoitza eskatu eban eta Mahaiko kide guztiek bat egin eben beragaz. Ondoren, 2021eko azaroan Carmelo Etxenagusia Ohorezko Aitamenaren III. ekitaldia ospatzea onartu eben, hain zuzen be Unzuetaren heriotzaren urteurrenean, eta beroni hil osteko Ohorezko Aitamena emotea. Ohorezko Aitamen honeen lehenengo ekitaldia 2015ean ospatu zan eta Felix Garcia Olano kazetariak, Benito Ansola abadeak eta Gurutzi Arregi etnografoak jaso eben. 2018an ospatu zan bigarren ekitaldian, Martzel Andrinua frailea, Begoña Andonegi Mundakako parrokiako erreferentea eta Jose Angel Ubieta abadea izan ziran Aitamena jaso ebenak.

 

Oraingoz ez da zehaztu Angel Mari Unzuetaz gainera zeintzuk izango diran Carmelo Etxenagusia Ohorezko Aitamena jasoko dabenak Bilboko Eleizbarrutian kultura, hezkuntza eta komunikazinoaren arloan egindako ekarpenagaitik, izen bat edo beste proposatu bazan be. Batzarraren ostean, bikario nagusi ohiaren senideei emon eutsen erabagiaren barri eta esker onez eta hunkituta jaso eben barria.

Eleizbarrutiko ikastetxeek (EBI), Fede-zabalkunde eta Katekesirako ordezkaritzak, Komunikabideetarako sailak, Bizkaia Irratia eta Radio Popular-Herri Irratiak, Eleizaren Artxiboak, Eleiz Museoak, Jakinbide liburu-dendak, Labayru Fundazinoak, Begoñako Andra Mari Unibertsitate Eskolak, Kultura Gai eta Ondasunetarako eleizbarrutiko sailak eta Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak osatzen daben Kultur Erakundeen Mahaiak Eleizbarrutiaren 70. urteurrena ospatzeko kurtso honetan egindako jardueren balantzea be egin eban. Batzarrean, datorren urteari begira batera egingo daben hainbat jarduera proposatuko zan eta ‘Jazotakoa jaso’ bideoklipen V. lehiaketa “bake eta bizikidetza” gaiaren inguruan ospatuko dala ebatzi eben.